Harrera programaren helburuak

Dagoeneko urte luze pasatu dira errefuxiatu kanpamentuetatik Euskal Herrira haur sahararren lehen taldea uda pasatzera heldu zenetik. Ordutik hona, Oporrak Bakean programaren koordinazioa aldatzen joan da, baina proiektua abiatzeko ikusi ziren arrazoiak indarrean jarraitzen dute eta haurren harrera inoiz baino beharrezkoagoa da orain.

Oporrak Bakean programaren helburuak hurrengoak dira:

Helburu orokorra: familia euskaldunetan edo udalekuetan 8 eta 12 urte bitarteko saharar haur errefuxiatuak denbora baterako harreran hartu, udako hilabeteetan zehar.

Harrera honen arrazoiak hurrengoak dira:

  • Haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea (udan 50 gradu baino gehiagoko tenperaturak, are ekaitzak…).
  • Haurren osasuna hobetu elikadura orekatu baten bitartez, egunean bost bazkari eginez, elikagai fresko, barazki, fruta, proteinak eta abar hartuz.
  • Oinarrizko osasun azterketak egin eta kanpamentuetan antzeman edo tratatzea zaila diren gaitzak artatu: ikusmen eta entzumen arazoak, hortzetako gaitzak…
  • Haur sahararrek kultura eta hizkuntza berriak eta errefuxiatu kanpamentuetakoa ez den beste errealitate bat ezagutzea.
  • Mendebaldeko Sahara eta Herri Sahararraren egoeraren bueltan euskal herritarrak sentsibilizatu.
  • Gizarte sahararra eta gizarte euskaldunaren arteko harremana sustatu.

Euskal Herrian uda pasatzen duten haurren kopurua urtez urte aldatzen joan da. Helburua 300 haurrei ongietorria ematea da.

Haurrentzako eta familientzako onurak

Oporrak Bakean programan parte hartzea oso onuragarria da haur sahararrentzat, bai osasun kontuengatik, eta baita ikasten dutena eta bizi duten esperientziagatik. Baina programan parte hartzen duten familia euskaldunentzat oso onuragarria izaten da ere.

Hurrengoak, programaren parte izan direnen alderdirik azpimarragarrienak:

Haur sahararrentzat onurak

  • Haien osasun egoera hobetzen dute, bai azterketa medikuak medio, baina baita elikadura egokiari esker ere.
  • Errefuxiatu kanpamentuak ez diren beste errealitate bat ezagutzen dute.
  • Haien bizitokian ezinezko diren ekintzak egiten dituzte, gaitasun pertsonalak eta etorkizuneko aukerak hobetuz.
  • Hizkuntza berri bat (edo bi) ikasten dituzte.
  • Lagun berriak egiten dituzte, bizitza osorako.
  • Bigarren familia bat dute: lehendabizikoa Saharan, eta berria Euskal Herrian.

Familia euskaldunentzako onurak

  • Familiako kide berri batekin uda ahaztezin bat pasatzen dute.
  • Gerora, harreran hartutako haurraren familia ezagutzerakoan kanpamentuetara bidaiatzeko aukera izaten dute, eta haiek ere Saharako bigarren familia bat osatzen dute.
  • Familia euskaldunetako haurrak aniztasuna kudeatzen ikasi eta elkartasuna eta enpatia bezalako baloreak lantzen dituzte.
  • Errealitate ezberdin bat ezagutu eta kultura berri batekin elkarbizitzen dira.
  • Bizitzako egoera ezberdinak beste begi batzuekin begiratzen ikasten dute eta arazoak erlatibizatzen laguntzen die.
  • Saharar Herriaren egoera zuzen-zuzenean ezagutzen dute eta haien egoera bidegabearen bozgorailu bihurtzen dira.