Oporrak Bakean 2022 AURTEN BAI!

Bi urte ondoren Euskal Herriko plazak saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren haurrez bete nahi ditugu.

Pandemia eta gerra gehitu zaizkie ohiko arazoei; janari eta ur eskasia, udan 55°gradutik gorako tenperaturak, mediku errebisio gabezia….

Mundu mailako pandemiak bortitz jo du errefuxiatu kanpamentuak. Kanpo laguntzatik biziraun den herri batentzat, mugak itxita mantentzeak ondorio larriak ekarri dizkio. Gaixotasun berak sortutako arazoez gain, paraleloki beste hainbat eta hainbat eragozpen izan dituelako.

Pandemia honi, komunikabideek ixilean mantentzen duten gerra gehitu behar zaio. 2020ko azaroak 13an Marokok su etenari amaiera eman ziolako, eta ordutik saharar soldaduak “lotsaren harresia” babesten diraute. Eta ia urte eta erdi luzatu den gerra honek heriotzak ere ekarri ditu. Soldadu hauek Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurren aita, anai edo senide dira; baina baita orain dela urte batzuk atzera gure herrietan harreran egondako haurrak ere. Baina gerra honek ez du interes mediatikorik.

Bi urte eta gero, berriro elkartuko gara, besarkatuko gara, dibertituko gara, medikutara joango gara, ongi elikatuko gara… Bi urte ondoren, oporrak bakean programa martxan da!

Ahalik eta haur gehienek uda gurean pasa dezaten, harrera familien bila gabiltza. Bi hilabetez etxean beste kide bat gehiago izan nahi duten pertsonen bila gabiltza. Saharar herriarekin elkartasuna duten familien bila gabiltza. Mahaian beste plater bat gehiago jartzeko prest dauden pertsonen bila gabiltza. Uda ezberdin bat pasa nahi duten familien bila gabiltza.

Zure bila gabiltza!!!

Aurten Bai! Aurten Elkartuko Gara

2020 eta 2021eko urteetan Pandemiak mundu osoa jarri du hankaz gora, baita herri sahararraren egunerokoa ere. Pandemiaren ondorioz, 2020an eta 2021an Oporrak Bakean programa bertan behera geratu da. Covid-19ak saharar errefuxiatu kanpamentuetan gogor jo du, baina horretaz gain 2020eko azaroak 13an Su-etena bertan behera geratu zen, ondorioz soldadu sahararrak gerran daude.

Herri sahararrak gure elkartasunaren beharra izaten jarraitzen duela pentsatuz “Mezuak Hodeietan” kanpaña sortu genuen, distantzian bada ere elkarrekin jarraitzen dugulako.

Aukerak eta zu

Bizipoza elkarteak, Mundu berri bat guztiontzat proiektuaren barruan Oporrak Bakeani eskainitako abestia.

Oporrak Bakean programaren helburua da urtero, udako bi hilabeteetan zehar, 8 urteko saharar haur errefuxiatuak familia euskaldunetan edo udalekuetan harreran hartzea.

Programa honen bitartez, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera dute, eta familia euskaldunek Herri Sahararra lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera. Ikusi hemen programaren helburuak.

Oporrak Bakean udaz uda egi bihurtzeko harrera familia berriak behar dira. Zuk ere proiektuaren parte izan nahi baduzu eta familiako kide berri batekin uda ahaztezin bat pasatu, eman izena programan!

Izan harrera familia