Testuingurua: gatazka eta kanpamenduak

47 urte bete dira Mendebaldeko Sahara Marokok okupatu zuenetik, Espainiako Estatuaren oniritziarekin. Ordutik hona, Herri Sahararra behartua izan da bere giza eskubideak zapaltzen dituen herrialde baten okupaziopean bizitzera, edota munduko deserturik lehorrenaren erdian dauden Tindufeko saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizirautera, edota haien lurraldetik urrun emigratzera.

Jarraian, Mendebaldeko Sahararen gatazkari buruzko kronologia labur bat irakur dezakezu, eta Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurrak bizi diren errefuxiatu kanpamentuei buruz pixka bat gehiago ezagutu.

Saharar errefuxiatuen kanpamentuak

Duela 47 urte baino gehiago Herri Sahararrak bere lurraldetik ihes egin eta Argeliak utzitako lur zati batean (Argeliako hammadan) kokatu zenetik hona, errefuxiatu sahararren kanpamenduen egoera asko aldatu da.

Udako tenperatura 50ºCtik gorakoa den eta neguko hotzak izozten duen lurralde honetara heldu zirenean, area besterik ez zuten aurkitu. Baina Herri honen ezaugarri diren antolaketa eta elkartasunari esker desertuan modu duin batean bizi ahal izateko toki bat eraiki dute, haien lurraldera itzuli bitartean.

Gaur egun, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Mauritaniaren mugetatik gertu, Tindufen, Argelian, kokatutako kanpamentuak 5 wilayatan (kanpamentu edo barrutia) antolatuta daude. Wilaya bakoitza Mendebaldeko Saharako hiri garrantzitsuenetako baten izena jaso du: Aaiun, Smara, Dajla, Auserd eta Bojador. Horietaz gain, Rabounni izeneko zonalde administratibo bat ere badago.

Wilaya bakoitza 6 edo 7 dairatan (herriak) banatzen da, eta horietako bakoitza 4 auzotan:

  • Auserd wilaya: Tichla, Agúenit, Güera, Bir Ganduz, Miyec y Zug (dairak).
  • Aaiun wilaya: Dchera, Bucraa, Güelta, Amgala, Daora y Hagunía (dairak).
  • Smara wilaya: Farsia, Mahbes, Bir Lehlu, Tifariti, Hausa, Echederia y Mheriz (dairak).
  • Dajla wilaya: Argub, Umdraiga, Ain Beida, Bojador, Glaibat-Elfula, Yrefia y Bir Enzaran (dairak).

Elikadura

Basamortuak ez dauka errefuxiatu guztientzako elikagaiak emateko gaitasunik, urteetan zehar hainbat elikagai ekoizpen proiektu gauzatu badira ere (ortu txikiak, oilo etxalde bat, gamelu eta ahuntz taldeak…). Errefuxiatuek, errefuxiatu moduan bizi izan behar izatearen ondorioz, kontsumitzen dituzten elikagai gehienak Laguntza Humanitarioaren bidez jasotzen dituzte, bai ACNUR edo PAM bezalako nazioarteko Agentzien eskutik, baita gizarte zibilaren elkartasunaren isla diren elikagai karabanen bitartez.

Horren ondorioz, jaten dituzten elikagaien artean aniztasunik ez izatea sortzen du (gehien bat lekale eta zerealak jaten dituzte), eta elikagai fresko eta proteina iturri gutxi izatea. Horrek guztiak anemia, diabetesa edota malnutrizioa bezalako arazoak sortzen ditu.

Ura

Ura desertuko altxorrik preziatuena da. Kanpamentu batzuk akuiferoak dituzte behealdean, baina ura gazia da eta ezin da giza-kontsumorako erabili. Hargatik, ura lortzeko putzu sakonetara jo behar dago, potabilizatu eta biztanleen artean kamioien bitartez banatu. Familia bakoitzak hilabetean behin, batez beste, betetzen den ur-biltegi bat dauka (metalezkoa edo plastikozkoa), pertsonako 20 litro eguneko baino gutxiago bermatzen dituena (emergentzia egoeratarako estandarrek zehazten dutena baino gutxiago, alegia).

Hezkuntza

Kanpamentuetako hezkuntza sistemak bertako biztanleriaren egoera kulturala aldatzea lortu du. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean sahararren arteko analfabetismo tasa %95ekoa zen, kolonizazio espainiarraren oinordetza. Gaur egun, 40 urte baino gehiagoko erbesteratzea eta gero, analfabetismo tasa %10etik behera dago, eta SEAD Afrikako alfabetatze mailarik altuena duen bigarren herrialdean bilakatu da, UNESCOren azken datuen arabera.

Daira guztietan haurtzaindegiak daude, eta wilayetan lehen hezkuntzako eskolak. Bigarren Hezkuntzarako barnetegiak eraiki dira, eta hainbat ikasle Argelia edo Cubako unibertsitateetara doaz. Analfabetismoarekin bukatzeko esfortzu handia egin da, eta heldu gehienek irakurri eta idazten ikasteko aukera dute. Horretaz gain, hainbat dairetan hezkuntza bereziko zentroak daude ere.

Osasuna

Kanpamentuetan osasun sistema zabala dago, baina pertsonala eta errekurtsoak falta zaizkio. Lehen arretako zentroak, wilayako ospitaleak eta ospitale orokor bat daude.

Sahararren artean ematen diren osasun arazo nagusiak jasotzen duten elikadura, uraren kalitatea eta basamortuaren baldintza gogorretatik eratorriak dira.

Etxebizitza

Kanpamentuetako etxebizitzek, orokorrean, bi elementu izaten dituzte: haimma bat (kanpadenda modukoa) eta adobezko eraikin bat. Bata bero gehien egiten duen hilabeteetarako balio du, eta besteak hilabete hotzenetarako; basamortuko klimaren eraso bortitzen kontrako estruktura egonkorrago bat izateaz gain (haize bortitzak, momentu puntualetako euriteak…).

Geroz eta bizitoki gehiagotan argindarra daukate, wilaya batzuetara heldu ez bada ere. Etxe horietan ez dute iturriko urik eta, orokorrean, komunak eraikin nagusitik kanpo kokatuta dauden letrinak dira.

Munduko tokirik lehor eta gogorrenetariko batean Herri Sahararrak duintasunez bizitzea lortu du. Hala ere, egunero topatzen dituzten zailtasunak ugari izaten jarraitzen dute. Dagoeneko badira 47 urte baino gehiago basamortuan bizi direla, errefuxiatu kanpamentuetan eta haien lurraldetik urrun.

Mendebaldeko Sahararen kronologia laburra

Espainiako kolonia

Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen 1974.urtea arte (53. probintzia). Urte hartan Frankoren gobernuak Herri Sahararrentzako autodeterminazio erreferendum bat deituko zuela iragarri zuen. Hala ere, erreferenduma gauzatu ez, eta 1975ean Maroko eta Mauritaniarekin hiru aldeko hitzarmen bat sinatu zuen. Hitzarmen horren bitartez, Mendebaldeko Sahara beste bi herrialde horien artean banatu zuten, nazioarteko legeriaren kontra.

Okupazioa

1976an Espainiak bere tropak erretiratu eta Maroko eta Mauritaniak Mendebaldeko Sahara okupatu zuten. Marokok Martxa Berdea deiturikoaren bitartez egin zuen, eta baita Herri Sahararra zapalduz ere, horretarako indarkeria erabiliz, ihesi zihoan jendea fosforo zuria eta napalmarekin bonbardatzeraino.

Okupazio horrek Herri Sahararra bitan banatu zuen: herriaren parte bat bertan geratzea erabaki zuen, eta gaur arte Marokoren errepresioa jasaten jarraitzen du; eta herriaren beste partea Argeliako Hammadako basamortura ihes egin zuen, errefuxiatu kanpamentuak kokatzeko utzi dieten lurraldea.

Fronte Polisarioak, Mendebaldeko Sahararen independentzia lortzeko liberazio mugimenduak, 16 urtez herrialde okupatzaileen kontrako guda egin zuen (Mauritaniak 79an lurraldetik erretiratu zen).

Bake Plana

1988. urtean Fronte Polisarioa eta Marokoren arteko elkarrizketak hasi ziren, Nazio Batuek eta Afrikar Batasunak babestuak. Horietan Bake Plana mamitu zen, eta 1992. urteko lehen hilabeteetan erreferenduma gauzatuko zela zehaztu zen bertan. MINURSOa (Mendebaldeko Sahararako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa) sortu zen eta bozkatu behar zuten biztanleen erregistroa, errefuxiatuen itzulera eta bi aldeen su etena, presoen trukea eta askatasuna eta ekintzen kodifikazioa zehaztu ziren.

Hala ere, Marokok arazo asko jarri zituen planaren urratsak zehazterakoan eta, azken momentuan, hitzartutako erreferenduma gauzatzeari uko egin zion. Ordutik hona, elkarrizketak berreskuratzeko saiakera anitz egin dira, arrakastarik gabe, eta Herri Sahararra guda eta bakerik gabeko egoera berezi batean topatzen du bere burua: lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta errefuxiatu kanpamentuetan banatuta dago.

Bitartean, Marokok Mendebaldeko Saharako errekurtso naturalekin negoziatzen jarraitzen du, eta baita Herri Sahararren Giza Eskubideak urratzen eta herri horren autodeterminazio eskubideari jaramonik egin gabe.

2020ko azaroaren 13an Bake Plana bertan behera geratu zen. Saharar talde bat, mugaren inguruan (El Guerguerat izeneko zonaldean) protesta baketsu bat egiten ari ziren momentuan, marokiar soldaduek erasotu egin zituzten. Fronte Polisarioak eraso honekin Bake Plana bertan behera geratu zela ulertu zuen eta ordutik euren soldaduak gerran partehartzera deituak izan ziren. Momentuz gerrate hau Mendebaldeko Sahara okupatua eta Mendebaldeko Sahara askea zatitzen duen harresian zehar gauzatzen ari da, baina gerra honek zuzenean eragin du Mendebaldeko Sahara okupatuan bizi diren sahararren egunerokoan, eta baita saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten dutenen artean ere.