Harrera programan parte hartu

Parte hartzeko, zer behar da?

1. Euskadiko udalerri batean bizi

Oporrak Bakean programak Euskadira datozen haur sahararren egonaldia kudeatzen du. Beste lurralde batean bizi bazara eta parte hartu nahi baduzu, zure lurraldean Vacaciones en Paz programa kudeatzen duen elkartearekin jarri beharko zenuke harremanetan.

2. Denbora izan

Gure familiako beste kideekin bezalaxe, haur sahararrekin ere denbora ematea garrantzitsua da. Udako bi hilabeteetan zehar bat gehiago izango zarete familian. Lehendabiziko bi asteak denon egokitzapenerako tartea dira, hargatik, oso garrantzitsua da familiak haur sahararrarekin ahalik eta denbora gehien pasatzea garai horretan.

3. Espazioa eduki

Haurrak ohe bat, bazkaltzeko mahaian toki bat, eta abar beharko du, familiako beste edozein kidek behar duen toki bera.

4. Gogoa, gogo ona!

Bi hilabetetan zehar familian bat gehiago izateko gogoa, ahaztezina izango den uda bat pasatzeko gogoa, kultura berri bat ezagutzeko gogoa, Saharar Herria laguntzeko gogoa…

5. Familien ardura eta konpromisoak

Programaren helburuak betetzeko familiek hurrengo konpromisoak bete beharko dituzte

Nola eman dezaket izena?

1. Jarri harremanetan

Oporrak Bakean programa kudeatzen duten Elkarte eta Udal antolatzaileen zerrenda bat topatuko duzu hemen: Elkarte eta Udal antolatzaileak. Jarri harremanetan gertuen duzunarekin.

Ez bazaizu argi geratzen norekin harremanetan jarri, deitu lurraldeko koordinatzailea eta hark lagunduko zaitu:

2. Elkartearekin bildu zaitez

Oporrak Bakean programa ondo ezagutzea berebizikoa da harrera familientzako, bai helburuak zeintzuk diren jakiteko, eta baita programan parte hartzeko bitartekari izango duzun Elkarte edo Udalarekin harremanetan jartzeko. Bestalde, haiek zu (edo zuek) ezagutzea ere oso garrantzitsua da, programan parte hartzera zerk mugitu zaituen jakitea, eta abar.

Adin txikikoekin lan egiten duen programa bat izanda, bertan inplikatuta gauden pertsona guztien artean elkar ezagutu eta ahalik eta hobekien koordinatzea beharrezkoa da.

3. Dokumentazioa bildu, bete eta bidali

Zure (edo zuen) datuekin hainbat dokumentu bete beharko dituzu: harrera hitzarmena eta ez adoptatzeko konpromisoa sinatu, eta bileretan zehaztuko dizkizuten beste dokumentu batzuk bete. Horretaz gain, udal errolda bezalako dokumentuak lortu eta bidali beharko dituzu.

Oso garrantzitsua da dokumentazio guztia garaiz bidaltzea, baina, ez zaitez larritu! Elkarteak beharrezkoak diren jarraibide guztiak argitu eta lagunduko zaitu.

4. Topaketa edota formazioetan parte hartu

Haurrak heldu baino lehen, Elkarte eta Udal batzuek harrera familien arteko topaketak edo formazio laburrak antolatzen dituzte, horrela lehen aldiz programan parte hartzen duzuenek zuen zalantzak argitu eta prozesuari buruz gehiago jakin dezazuen. Garrantzitsua da topaketa horietan parte hartzea, esperientzia asko erraztuko dizuelako.

5. Umeari ongietorri beroa eman

Pentsatu baino lehen haurra zuekin izango da. Ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran heldu ohi dira, eta Elkarteek eta Udalek antolatzen dute harrera.

Ohiko galderak

Haurraren egonaldirako hainbat aholku ikus ditzakezu Ohiko galderak atalean.