Haur sahararrek behar materialak dituzte, baina ez afektibitate arazoak. Denek dute kanpamentuetara itzultzeko gogoa, bertan euren ama, aita, neba-arreba eta bestelako senideak daudelako. Ez larritu lehen egunetan behin eta berriz noiz itzuliko diren galdetzen badute, oso arrunta da.

3 urte dituztenetik doaz eskolara, oso jendekoiak dira, eta, erraz haserretzen badira ere, oso azkar pasatzen zaie.

Baldintzarik garrantzitsuenak haurrarekin egoteko denbora eta gogoa izatea dira, berari ostatu emateko toki bat izateaz gain. Edozein familia izan daiteke harrera familia, bai bakarrik bizi diren pertsonak, eta baita seme-alabak dituzten edo ez dituzten pertsona taldeak ere.

Harrera familiak haien zonaldeko elkarte edo udalarekin elkartu beharko dira programari buruzko informazio guztia jaso eta beraien parte hartzearen egokitasuna baloratzeko.

Norberaren seme-alaba baten gastu berberak. Orokorrean, bidai eta bisa gastuak euskal instituzio ezberdinek hartzen dituzte bere gain, baina udalerriaren arabera modu batera edo bestera kudeatzen da.

Aholkurik hoberena haur sahararra zure seme-alaba balitz bezala tratatzea da.

Haien hizkuntza hassania da, eta 7 urtetik aurrera ikastetxeetan gaztelania ikasten hasten dira. Lehendabizi hona datozenean hemengo hizkuntzak ez dituzte ezagutzen, eta familia bakoitzak erabakitzen du zein hizkuntzatan hitz egin haurrarekin. Erraztasun handia dute hizkuntza berriak ikasteko.

Saharan ohikoena familia osoak elkarrekin lo egitea da. Hargatik, hoberena haur sahararra beste norbaitekin lo egitea da, gutxienez lehen urtean. Kasu horretan, harrera familiaren seme alabekin batera lo egitea aukera ona da. Baina seme-alabarik egon ezean, hobe bakarrik lo egitea. Hemen nagusiek beste logela batean lo egiten dutela ulertu beharra dauka.

Lehen egunetan negar egiten badu ez zaitez larritu. Normala da, bereziki hona datozen lehen urtean: ez du inor ezagutzen, bere familiatik urrun dago eta haiengandik banatzen den lehen aldia da. Gainera, kulturalki nahiko ezberdinak gara, eta hemengo bizimodua gogor egiten zaie.

Orokorrean, denetarik jateko arazorik ez dute. Dena den, kontutan izan kanpamentuetako dietaren osagarri nagusiak laguntza humanitarioak bidaltzen dituen elikagai oinarrizkoenak direla (lekaleak, pasta…).

Hemen dauden bitartean dieta orekatu bat eskaini behar zaie. Batez ere makarroiak, oilaskoa, patata tortilla, fruta, lekaleak eta abar gustatzen zaie. Ez daude hemengo janarira ohituta eta gure ardura denetarik jaten irakastea da.

Kontutan izan lehen egunetan ez dutela gehiegi jaten: kanpamentuetan plater bakarra hartzen dute egunean eta haien urdaila txikia da. Egun batzuk pasata, hemengo kantitateetara ohituko dira eta askoz gehiago jaten hasiko dira.

Haien erlijio hautua errespetatu beharra dago. Sahararrak orokorrean musulmanak dira eta ez dute txerririk jaten. Haurrari haragi mota ezberdinak daudela azaldu behar zaio eta txerririk emango ez zaiola ziurtatu.

Askarirako, txerririk jan ezean, beste hainbat kontu jan ditzakete: txokolatea, gazta, indioilarra… eta fruta ere oso gustuko dute, batez ere laranjak, platanoak, angurria (sandia), meloia…

Haien erlijio hautua errespetatu beharra dago. Sahararrak orokorrean musulmanak dira eta askok egunean bost aldiz egiten dute otoi. Toki bat eskaini eta haiek jakingo dute noiz eta nola otoi egin.

Gustukoen dituzten ekintzak aire librea eta urarekin harremana dutenak dira. Ez zaie toki itxietan egotea gustatzen, kanpamentuetan egun osoa etxetik kanpo jolasten ematen dute eta. Garrantzitsua da egiteko zerbait izatea, osoa aktiboak baitira. Ikaragarri gustatzen zaie igerilekua, parkeak… eta gainera herria ezagutu eta bertako haurrekin harremanak josteko toki paregabeak dira horiek.

Gogoratu beti arretatsu ibiltzeaz, ez baitute arriskua sumatzen eta, kasu gehienetan, ez dakite ez igeri egiten, ezta bizikletaz ibiltzen ere.

Oso ausartak dira eta ez dute arriskua sumatzen. Askotan, lehen aldiz datozenean, igeri egiten eta bizikletaz ibiltzen badakitela diote, baina, adi! Kasu askotan ez da egia izaten, eta euren segurtasunagatik beharrezkoa da igerilekuan eta bizikletaz ibiltzerakoan haiekin egotea. Bai bata eta bai bestea irakatsi beharko zaie.

Bai, estatuaren baitan baldin bada. Zuen elkarte edo udala oporraldiez informatu beharko duzue, eta kontakturako telefono bat eman.

Hala ere, kontutan izan programaren helburuetako bat kanpamentuetatik datozen umeek beharrezko dituzten azterketa medikuak egitea dela. Orokorrean azterketa horiek uztailean egiten dira, eta behin bukatuta, haurrak beste tratamendurik behar ez badu, familia oporretan joan daiteke.

Kanpamentuetan telefono finkorik ez dago eta mugikorren estaldurarekin arazoak izaten dira. Toki zehatz batzuetan bakarrik lortzen da estaldura, eta maiz, familiarekin hitz egitea lortzeko behin eta berriz saiatu behar da.

Familia batzuek dagoeneko interneta dute haien haimmetan eta errazagoa da whatsapp bitartez kontaktatzea.

Ez onartu haurrek eskatzen dizueten guztia, ezetz esatea onartzen ikasi behar dute.

Hemen topatuko dituzten arriskuez informatu, kotxeen abiadura, semaforoak, eskailerak, igogailuak, entxufeak…

Telefono deiak, goxokiak, esku-dirua, eta abar kontrolatu behar zaizkie, denbora eta diruaren balioa ulertzen zaila zaie.

Bai osasun arazoetarako eta baita elkarbizitza arazoetarako ere, lehendabizi, beti, zuen elkarte edo udalarekin jarri harremanetan, programan parte hartzeko zuen erreferente dena. Arazoaren nolakotasunaren arabera, elkarteak Fronte Polisarioak Euskadin duen Ordezkaritzarekin kontaktatuko du irtenbiderik hoberena bilatzeko.

Kontutan hartu behar da ebakuntza eta tratamendu medikuak Ordezkaritzak soilik onartu ditzakeela, ez harrera familiek eta ezta programan parte hartzen duten elkarte edo udalek ere ez.

  • edozein galdera edo iradokizun baduzu, idatzi gure emailera (oporrakbakean@gmail.com) edo galdetu zugandik gertuen dagoen elkarte edo udalean.
Close Menu