Dagoeneko urte luze pasatu dira errefuxiatu kanpamentuetatik Euskal Herrira haur sahararren lehen taldea uda pasatzera heldu zenetik. Ordutik hona, Oporrak Bakean programaren koordinazioa aldatzen joan da, baina proiektua habiatzeko ikusi ziren arrazoiak indarrean jarraitzen dute eta haurren harrera inoiz baino beharrezkoagoa da orain.

Oporrak Bakean programaren helburuak hurrengoak dira:

Helburu orokorra: familia euskaldunetan edo udalekuetan 10 eta 12 urte bitarteko saharar haur errefuxiatuak denbora baterako harreran hartu, udako hilabeteetan zehar.

Harrera honen arrazoiak hurrengoak dira:

  • Umeak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea ( udan 50 gradu baino gehiagoko tenperaturak, are ekaitzak…).
  • Haurren osasuna hobetu elikadura orekatu baten bitartez, egunean bost bazkari eginez, elikagai fresko, barazki, fruta, proteinak eta abar hartuz.
  • Oinarrizko osasun azterketak egin eta kanpamentuetan antzeman edo tratatzea zaila diren gaitzak artatu: ikusmen eta entzumen arazoak, hortzetako gaitzak…
  • Haur sahararrek kultura eta hizkuntza berriak eta errefuxiatu kanpamentuetakoa ez den beste errealitate bat ezagutzea.
  • Mendebaldeko Sahara eta Herri Sahararraren egoeraren bueltan euskal herritarrak sentsibilizatu.
  • Gizarte sahararra eta gizarte euskaldunaren arteko harremana sustatu.

Euskal Herrian uda pasatzen duten haurren kopurua urtez urte aldatzen joan da. Helburua 400 umeri ongietorria ematea da.

Close Menu